Aste Nagusiko eta Inauterietako Kartel-Lehiaketak

2018ko Aste Nagusiko Kartel-Lehiaketaren erabakia argitaratu dela aprobetxatuz, EIDEren izenean horrelako lehiaketen deialdien aurka gaudela berretsi nahi dugu, aukera izan dugun guztietan esan dugun bezala.

2015az geroztik, EIDEko bazkide-talde batek hainbat bilera egin ditu Bilboko Udaleko Jai Sailarekin eta, azkenaldian, baita Bilboko Konpartsekin ere, honi buruz dugun jarrera azaltzen saiatzeko, talde osoak defendatzen duen jarrera bera baita, eta alternatibak proposatzeko. Gure jarrera oso argia da: kartelen diseinua disziplina bat da, diseinatzaile profesionalek, trebatuek eta prestatuek, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen dute, eta zergak horregatik ordaintzen dituzte. Mota hauetako lehiaketak espekulatiboak dira, askok lan egin behar baitute bati bakarrik ordaindu diezaioten, eta, mundu osora irekita daudenez, sektorearen prekarietateari laguntzen diote (edozein pertsonak diseinu-lana egin dezakeela adierazten dute).

Egia da 2017an Bilboko Udaleko Jai Sailak Aste Nagusiko Kartel-Lehiaketan epaimahai profesional nagusia sortzea onartu zuela berrikuntza gisa. Hala ere, guretzat lehen urratsa besterik ez zen, eta halaxe jakinarazi genien. 2018an ez denez beste aurrerapenik lortu, ez lehiaketa honetan, ez Inauterietakoan, nahiz eta Jai Sailetik 2017an izandako esperientziagatik beste urrats batzuk emateko gogoa erakutsi ziguten, uste dugu EIDEk deialdi horietatik alde egin behar zuela.

Jakin badakigu bereziki Aste Nagusia jai herrikoia eta parte-hartzailea dela, eta izaera diferentzial horrek dena bere gain har dezan saiatzen dela, baina gai izan behar dugu eremu profesionalekin gatazkarik sortzen ez duten herritarren parte-hartze esparruak proposatzeko, bestela diseinu grafikoa bezelako diziplina baten balioa galtzea eta gutxiestea ekartzen baitu, eta ondorioz, gure profesionalen kalitatetik eta hiriak izan behar duen iruditik aldenduta egongo diren kartelak izango ditugu. Uste dugu bi helburuei —herritarren parte-hartzea eta profesionalekiko errespetua— erantzuten lagunduko luketen alternatibak badaudela, eta espero dugu etorkizunean Bilboko Udaleko Jai Sailak eta Bilboko Konpartsak horiek sartzen ausartuko direla.

Bien bitartean, pedagogia egiten jarraituko dugu, lehiaketa-mota horien aurkako jarrera adieraziz eta gure elkartekideak eta sektoreko profesionalak horrelako deialdietan ez parte hartzera gonbidatuz.

Jardunbide Egokien Lantaldea
EIDE

Iruzkinik ez

(Iruzkinak itxi daude)